RSS

Garapenen bloga

Garapenaren mugarriak

Garapen agentziak, tresna moduan kontraesan handiak ditu, eta horren lekuko gara agentzien martxa markatzeko ardura hartu dugunok.

Izan ere, zer da garapena? Definiziotik hasita zabala zein nahasgarria izan daiteke terminoa bera: zenbat buru, hainbat aburu, garapena definitzerakoan. Garapena ulertzeko modu asko izan daitezke: ekonomikoa, soziala, kulturala, giza-garapena, landa garapena, garapen jasangarria, …

Garapen agentziok eredu desberdinak erabili ditugu gure ibilbidean, baina guztiok ardatz bera izango genuen, noski, gure sorreratik: garapen ekonomikoa, enplegua sortzeko bide moduan. Agentzia gehienak krisi garai betean sortutakoak gara, enplegu politika aktiboak sustatzeko, langabetuei babesa emateko, lan merkatuak dinamizatzeko, … eta hori ez da kasualitatea. Behar zehatz bati erantzuteko sortu gintuzten, egoera larri baten aurrean.

 Krisitik sortu ginen eta krisian gaude berriro, baina bitartean ibilbide luzea egin dugu eta gure zerbitzu katalogoa zabaldu egin da. Kasu batzuetan enplegua sortzeko eta ekonomia dinamizatzeko molde berriak arakatzen hasi garelako; eta beste batzuetan berriz, behar berriak identifikatu direlako edo haiei erantzuna emateko agente erakargarri bihurtu garelako.

Guzti hori kontuan izanik, galdera bat egin diezaiokegu gure buruari: Zer izan beharko luke garapenaren ikuspegi ekonomiak garapen agentziotan: Ardatza? Ildo bakarra? Edo lan ildotako bat?

Guk bi irizpide erabiltzen ditugu Tolosaldea Garatzenen zerbitzuak aktibatzeko orduan, eta esango nuke beste askoren (batez ere, eskualde izaera dutenen) antzekoa dela gure kasua:

  • Irizpide Ekonomikoa: garapen ekonomikoarekin (eta enpleguarekin, jakina) zerikusia duten gaiak bideratzeko lantresna gara. Hori da gure xedea eta motibazio politikoa eta estatutuek ere horretara bideratzen gaituzte nagusiki.
  • Eskualde irizpidea: udalerriz gaindiko izaera duten proiektu, zerbitzu eta bide berriak urratzeko lantresna gara. 28 herriz osatutako eskualde batean, ezinbestean behar da horrelako plataforma bat, bestela indarren sakabanaketa, gainjartzeak eta hutsuneak sortuko lirateke etengabe haien artean. Zentzu honetan, esan daiteke, garapenaren beste ikuspegiek ere kabida daukatela gure garapen agentzian, oinarrizko xedearekin zuzeneko harremanik ez izan arren.

Baina non dago muga?

Bigarren irizpideak baditu abantailak:

  • Aberastu egiten du gure jarduera.
  • Diziplina anitzeko eragileekin harremanetan jartzen gaitu eta proiektu berriak sortzeko bidea irekitzen dute maiz.
  • Jarduera eta jarrera ekonomizista itxi batean erortzeko arriskutik libratzen gaitu.

Baina baita desabantailak ere:

  • Garapen agentziaren ahaleginak sakabanatu egiten dira eta gizartean erreferentzia garbi bilakatzeko oztopoa izan daiteke. Inork ez daki zehazki zertan ari garen edo noraino heltzen diren gure eskumenak.

Eskualdeko garapen agentziak zein enfoke izan beharko genuke etorkizunean?

Honen aurrean zenbait aukera:

  • Enfoke ekonomikoa mantentzea ardatz bezala, suposatuz, ekonomikoki indartsuak, edo gutxienez bideragarriak eta baliabide sortzaileak garen artean, garapenaren beste ikuspegiak ongi artatuko direla suposatuz, gure bidez edo beste eragile batzuen parte hartzearekin.
  • Enfoke multidisziplinarra. Garapenaren ikuspegi guztietan aldiberean eta antzeko indarraz eragitea.

Susmoa daukat piskanaka eta ingurumariak behartuta lehenengo aukerarantz ez ote dugun joko.

Guzti honekin adierazi nahi izan dudana ez da garapen mota desberdinen artean jerarkia bat ezarri beharko litzatekenik, edo batzuk besteak baino garrantzizkoagoak direnik, ezta gutxiagorik ere.

Nire zalantza zera da: ea garapen agentziok esparru guztiak gure gain berme osoz hartzeko gaitasunik badugun eta, ez bagenu, izan behar ote genukeen.

Joxe Luis Urdangarin – Tolosaldea Garatzen-eko gerentea

Egin iruzkinak | Hacer Comentarios

Iruzkin bat idazteko, formulario hau bete eta "Bidali" botoia sakatu baino ez duzu egin behar. Iruzkin guztiak gure zuzendari-taldeak neurtzen ditu, beraz, baliteke zure iruzkinak zenbait ordu ematea argitaratzen.

Para escribir un comentario, solo tienes que rellenar el siguiente formulario y pulsa el botón "Enviar »". Todos los comentarios son moderados por nuestro equipo de editores, por lo que es posible que tu comentario tarde algunas horas en hacerse público.

Ikur gorriarekin markaturiko eremuak bete beharrekoak dira
Es necesario cumplimentar los campos marcados con el símbolo rojo