RSS

Garapenen bloga

Agentziari bide berriak irekitzen

Garapen agentziok 20-25 urte hauetan ingurumari oso desberdinei egin behar izan diegu aurre. Diferentziak ahaztu gabe, baina ibilbide antzekoa egin dugu gehienok. Hasieran Enplegu bideratzaile moduan sortu ginen, gero autoenplegu bideratzaile bezala, batzuk estrategia sektoriala ere ukitu genuen (turismoa, adib.), eta nola ez azken urteotan lan ildoetan nagusietako bat, ezinbestean, enpresekin (enplegatzaileekin) lan egitea izan da.

Inoiz aitortuko ez zaigun arren, egindako lana bere garaian hausnartutako diagnosi bati erantzunez egin da eta kontaezineko fruituak eman ditu gizartean.

Azken hamarkadan, ordea, zorionez eta zoritxarrez ingurumaria asko aldatzen ari da. Merkatua zabaldu da, gu baino lehiakorragoak diren eragileekin lehiatu beharra daukagu, kapital mugimenduekiko/inbertsioekiko kontrola galdu da, sektore publikoak merkatuen agindutako doinu eta neurrian egin behar du bertsotan, eta larre luzean hazitakoak garenez, erreflexuak ez dauzkagu garai batekoek bezala landuta.

Ondorioz, gure zerbitzuen eraginkortasuna apaltzeko arriskuan gaude:

  1. Enplegu bideratzaile moduan, gai horretan eskumenak (azken finean, xoxak) dituztenek ez dute gure beharra aitortzen, eta lan merkatuaren bi aldeetako batentzat erreferente izateari uzteko arriskua dago.
  2. Autoenpleguan, garai batean gabezia nabarmenena negozio irekierara begira aholkularitza beharra izan zitekeen, gaur egun ekintzaile potentziala izatetik ekintzaile izatera dagoen pausoa baldintzatzen duten faktoreak nagusiki merkaturako sarbide zaila eta finantziazioa dira.
  3. Enpresekin burutzen ditugun ekintzak epe luzekoak dira nagusiki. Haietan lehiakortasuna sustatzeko eman behar diren pausoak sendo eta sinetsita eman behar direnez, epe luzera fruituak emango dituen lana da. Arazoa da planifikazio estrategikoaren legeek agintzen dutenaren aurka, ekonomiak epe laburrera funtzionatzen duela orain (horrela doakigu …), eta fruituak jasotzea tokatzen denerako eragile asko zahartuta edo hilda egongo direla.

Beraz, zer egin dezakegu agentziok honen aurrean?

  1. Hasteko orain arteko lanarekin jarraitu, nahi eta nahi ez norbaitek egin beharrekoa delako eta onuradunengandik gertuena gaudenez, guri dagokigu aurpegia ematea.
  2. Baina, agian osatu egin beharko dugu lan hori, aurreko hiru ildoen gabeziei aurre egiteko. Esate baterako:
  • Enplegu bideratzaile moduan. Gaur egungo langabetuen profil zabala kontuan hartuz, orain arte gehiegi landu gabeko segmentu desberdinei ekin beharko diegu (zuzendaritza eta aginte ertaineko karguak barne). Enpresen profesionalizazioa ere dei diezaiokegu.
  • Autoenpleguan.
    • Gabeziak merkatuan sartzeko zailtasunak badira, merkatuan jarduteko moduan trebatu beharko ditugu (marketina eta merkatu berriak), balio-katean lehendik diharduten eragileekin harremanetan jarri beharko ditugu, asoziazionismoa sustatu beharko dugu, …
    • Gabeziak finantziazioan baldin badaude, badakigu honen erantzuleak nor diren. Baina haietan eragiterik ez daukagunez, haien hutsuneak betetzeko lanean jardun beharko dugu. Potentzial handieneko proiektuen finantziazioan lagunduz: kapital arriskuko elkarteak sortuz, business angels sareak sustatuz, ekintzailetasuna barnekintzailetasun bihurtuz, …
  • Enpresetan. Epe luzeko lana hor dago eta jarrai dezagun horretan, bakoitza bere lanabesekin (gu Lehiberrirekin ari garen moduan). Baina epe motzera zer?  Krisiaren enbatapean ba al daukagu ezer egiterik? Ziur aski bai: bideragarritasuna berraztertzeko hausnarketa-planak eginez, enpresen bertsio murriztua langileen eskura pasatzen lagunduz (S.A.L., Kooperatibak, …).

Adibideak besterik ez dira.

Hauetako gauza batzuk eskualde batzuetan jada egiten ari dira agentziak, baina uste dut baliabideek eta ingurumariak uzten diguten heinean jorratu beharreko bidea dela.

Joxe Luis Urdangarin – Tolosaldea Garatzen-eko gerentea.

Egin iruzkinak | Hacer Comentarios

Iruzkin bat idazteko, formulario hau bete eta "Bidali" botoia sakatu baino ez duzu egin behar. Iruzkin guztiak gure zuzendari-taldeak neurtzen ditu, beraz, baliteke zure iruzkinak zenbait ordu ematea argitaratzen.

Para escribir un comentario, solo tienes que rellenar el siguiente formulario y pulsa el botón "Enviar »". Todos los comentarios son moderados por nuestro equipo de editores, por lo que es posible que tu comentario tarde algunas horas en hacerse público.

Ikur gorriarekin markaturiko eremuak bete beharrekoak dira
Es necesario cumplimentar los campos marcados con el símbolo rojo